Konpostaketa egoerarik hoberenean eman dadin, materialaren tamainak 1 cm eta 10 cm bitartekoa behar du izan, batez ere egur itxura duen eta gogorrena den hondakinak. Horrela nahiko txikia izanen da agudo desekonposatzeko eta nahiko handia montoia gehiegi hertsa ez dadin, hats hartzea utziz (gehiegi hertsatzen bada, aireztatzea maizago egitea eskatuko du). Hondarrik gogorrenentzat makina birrintzaile bat oso erabilgarria da eta Mankomunitateak badu bat uzteko.
Konpostagailuari gai heze edo berdeak eta gai lehor edo marroiak bota behar zaizkio, nitrogenodunak eta karbonodunak, hurrenez hurren.
Gai berdeak mikroorganismo eta bakteriak dauzka konpostaketa ernatzen dutenak, beti ere gutxieneko montoi bat metatu delarik, hau baita “elikagairik” nagusiena konpostagailuan. Gai marroiak, berriz, egituratzaile lanak egiten ditu, egitura eta bolumena emanez, oxigenoa iragan eta konpostagailuak arnas hartzea ahalbidetzen. Bi gaien arteko erlazioa proportzionala izanen da: gutxi gora-behera gai marroi kopuru bakoitzeko, 3 gai berde kopuru gehituaz. Oso ongi datorren zerbait da egituratzailea eskura izatea, sukaldeko hondarrak gehitzean bertzetik dagokiona bota ahal izateko.

Konpostagailuaren kokapenaren hautua eta gaien proportzioa egokiak izanez geroz, hezetasunak ez luke arazorik sortu beharko, muturreko eguraldirik ez den bitartean. Hezetasun-maila bikaina %60 eta %80-aren artekoa da.
Hondarrak konpostagailuan sobera heze badaude, airerik ez da tartean eta gaiak usteldu egiten dira deskonposatu beharrean, usain txarrak ekarriz. Hondarrak sobera idor badaude, ordea, “lanean” diharduten organismoak hil eta prozesua gelditu egiten da. Hezetasun egoera egiaztatzeko konpost eskukada bat hartzea eta hertsatzea aski da, ur tanta bakan batzuk isuri behar ditu eta eskua pixkat busti primeran egoteko.


