Konpostaketa egitearen onurak asko eta anitzak dira.
Lehenik eta behin edukiontzietan botatzen den zabor kopurua aise murrizten da eta, bada, garraio kostuak murrizten dira, jende eta ingurunearen mesedetan. Konpostaketari esker, hain baliagarria den gai organikoen galera ekiditen da, gaien zikloa itxiz eta nutrienteak zorura itzuliz. Etxe-konpostaketan, gainera, industrialki egiten den gai organiko kopuru berdinaren konpostaketaren aldean egozten diren berotegi efektuko gasak bortz aldiz txikiagoak dira.
Bertzalde, konposta ongarri ikaragarria da, zeharo natural eta organikoa, lurrak landarediarendako ur, elikagai eta ongarriketa elementu gehiago eustea ahalbidetzen duena. Konpostari esker, pH maila egonkortzen da, erosioa murrizten da eta honen erabilerak, ez hain jasangarriak diren ongarrien erabilera saihesten du: ongarri mineralak, berriztagarriak ez direnak; eta kimikoak, arras naturalak ez direnak eta, nahiz eta epe motzean etekin ona izan, epe luzean lurra antzutu eta menpekotasuna sortzen dutenak.