21 laguneko Erroibarko herri honek Nafarroako hainbat Mankomunitatetan egindako “lehiaketa” erraz irabazi du.
2021eko urte honetan estreinatu da Organikopa, gai organiko gehiago bereizteko helburuarekin, zabortegietan amaitu ez dezan. Bidausin etxebizitzen %25k konpostaketan izena emana dute, baina Aurrera egin behar dugu gehiago bereiz dadin. Hori delat eta, maiatzaren 3tik uztailaren 3ra bitarte, jendeak bere etxeko hondakin organikoak bota ahal izan ditu parte hartu duten herrietan jarri diren “lehiaketaren konpostagailuetan”. Astero konpostagailu hauen kontrola eta neurketa burutu da, klasifikazioa argitaratu eta jendeak bere herria zebilen egiaztatzeko.
Gure Mankomunitateko 8 herritan aritu dira norgehiagokan eta hemendik gure esker onak egindako esfortzuarengatik Aintzioa, Hiriberri, Aria, Lintzoain, Aurizberri, Bizkarreta-Gerendian, Garralda eta Orbaizeta herriei. Batzuetan bertzeetan baino arduratsuago, baina guztietan hondakinak bereizi dira, azkenik Aintzioa garaile izan delarik. Bigarren postuan gelditutakoari alde handia atera diola aitortu behar da gainera.
Lehiaketa batez ari garenez, herrien arteko pike polit hori ernatzeko asmoz, sariak izan ditugu, Nafarroako Hondakinen Partzuergoak adierazitako balorizazio zaileko plastikoz ekoitzitako hiri-altzariak, hain zuzen ere.* Bidausin irabazleak 3 hiri-altzari eramanen ditu herrira, mota ezberdineko mahai, banku edo lorontzien artean hautatuak. Aldiz, parte hartutako bertze herriek elementu bana eraman ahal izanen dute, bizilagunen gozagarri.
Edizio aunitzetan lehena izan dadila eta goazen orain gai organikoaren bereizketa zabalduz eta hobetuz!
*Dakizuen legez, birziklatzeko logoa duten PLASTIKOZKO ENBASEAK EDUKIONTZI HORIRA DAGOKITE, baina PLASTIKOZKO OBJEKTUAK EZ (aulkiak, jostailuak, hodiak, e.a.), izan ere horian inpropiotzat dituzte eta Mankomunitateak zigortzen dituzte. Hartara, OBJEKTU HORIEK EDUKIONTZI BERDEAN DAGOKITE eta horrexegatik balorizazio zailekoak izendatzen dira. Plastiko honekin lan egin dezaketen entrepresak gutxi dira, baina bat oso hurbil daukagu eta zuraren tankerako plastiko oholez egiten dituzte beren produktuak, karrikan gehiago irauten duten eta mantenu gutxiagoren beharra duten abantailekin.