Organi-Kopa Nafarroa mailan eginen den lehiaketa bat da, non 11 mankomunitate eta 92 herrik parte hartzen dugun, bere gai organikoak gehien eta hobekien bereizten dituena zein den ikusteko.

BIDAUSIn 8 herrik eman dute izena: Aintzioa, Aria, Aurizberri/Espinal, Bizkarreta-Gerendiain, Garralda, Hiriberri/Villanueva de Aezkoa, Lintzoain eta Orbaizetak hain zuzen ere. Auzo konpostaguneak diren herrietan (Garralda eta Orbaizetan), modulu huts bat irekiko da eta hor bota beharko du jendeak bere organikoa. Auzo konpostagunerik ez den herrietan, aldiz, edukiontzien inguruan etxeko konpostagailuak ezarriko dira “lehiaketako konpostagailuak” bezala izendaturik, jendeak bere gai organikoak hor bota ditzan.

Maiatzaren 3tik uztailaren 3a bitarte botatako gai organikoa kontuan hartuko da.

Parte hartzea oso erraza da:

  1. Gai organikoa etxean bereizi behar da, organikoa den guztiak balio du.
  2. Edukiontzi berdera bota beharrean, egokitutako konpostagailuetara bota gai organikoa, dena solte eta boltsarik gabe.
  3. Ondoan izanen den gai idorrarekin estali behar da botatakoa. Gutiz goiti-beheiti etxetik ekarritako bolumenaren herenarekin.

Bi hilabete horietan Mankomunitateak nahasi eta aireztatuko ditu “lehiaketako konpostagailuak” eta baita neurtu ere. Mankomunitate barneko herrietako emaitzak alderatuz joanen gara, hortaz gure herriak dira elkarren artean lehiatuko direnak. Emaitzak interneteko esteka batean ikusgai izanen dira.

Eta zer irabaziko da? Lehenik eta behin, guztiek irabaziko dugu. Izan ere, gai organiko hori edukiontzi berdera ez botatzeak, gutxiago kutsatzea eta dirua aurreztea dakar. Bertzalde, bere biztanleria kontuan hartuz, hobekien egiten duen herriarendako hiri-altzariak izanen dira sari gisa (mahai, banku, lorontzi eta horrelakoak). Ez hori bakarrik, parte-hartze ona duen herri orok lortuko elementuren bat. 2500 € baino gehiago dira sarietan!

Anima zaitezte Organi-Koparekin!!