Martxoko hilabetean zehar, Mankomunitateko hainbat tokitan burutu dira naturan eta ingurumenan utzitako zaborren bilketak. Ecoembes eta SEO/Birdlife-k sortutako Libera egitasmoaren baitako bilketak dira hauek, lema “aska ezazu zaborrez metro karratu bat natura” duelarik.
Badugu bigarren aldia Irati-Orreaga Turismo Elkartea eta Bidausiren artean proiektuan parte hartzen dugula, lehena joan den ekainean izan zelarik, eta oraingoan inguruko eskoletan sartu nahi izan dugu, Irati-Orreagak horrela proposaturik. Hartara, Aurizberri eta Erroko eskoletan egonak gara, hala nola Garraldako institutuko DBH 4.-goekin, egitasmoaren nondik norakoak adierazteko eta ikasleekin zabor-bilketa bat egiteko. Oso aipagarria eta pozgarria iruditu zaigu ikasle guziek erakutsi duten gogoa eta sentsibilizazioa, horri esker batere makala ez den 90 kg-ko zabor kopurua jaso dugu ingurumenetik.
Bertzalde, martxoaren 16an, hautatutako erreka batzuetan zabor bilketa handia egiteko elkartu ginen, egun horretan egindako eguraldi aparta lagundurik. Abaurrepeko errepidean den erreka garbitzen bertako talde bat izan zen, Garralda eta Arrigorri (Ariztokiko begiratokia deitua dena baita ere) arteko erreka garbitzen Elkarteko 12 lagun izan ziren eta Garaioa den erreka bat garbitzen bertako talde bat izan zen, gerora bigarren taldea ere gerturatu zelarik zerbait gehiago bil zedin.
Emaitza oso ona lortu zelakoan gaude: 5 orduz 20 bat lagunen artean 550 kg zabor bildu baikenuen, nagusiki txatarra, etxetresna zaharrak eta orotariko plastikoak.
Honengatik guztiarengatik gure esker onak Irati-Orreaga Elkarteari beren konpromezu eta lanarengatik, eskola eta ikasleei eta, nola ez, bilketa egunean parte hartu zuten guztiei. ESKER MILA!!