Uda jai garaia da eta Bidausin edalontzi berrerabilgarriak eskaintzen ditugu jai jasangarriago batzuen mesedetan. Herri batzuk jadanik iaz hasi ziren hauek erabiltzen, erabilera bakarreko edalontziek, merke itxura izanagatik, ingurune-kostu ikaragarria dutelako, diru aldetik garestiagoak ere badira eta hauen erabilerak herrietako plazak garbitzearen lana arrunt zailtzen du.
Herriok izan ziren: Hiriberri, Aria, Orbaizeta, Mezkiritz, Orondritz, Aurizberri, Garralda, Lintzoain, Aribe eta Aintzioa. Halaber, bertzelako festen antolakuntzek parte hartu zuten: Orbaizeta Kultur Ekimenak, Aezkoako Batzarra, Mendilatz Aterpea, Aezkoa Kultur Elkartea, Mugak Apurtu, Garraldako Udala eta Hostal Haizea.
Hondakinen prebentzioa eta sortzen dugun kopuruaren murrizketa oso garrantzizkoak dira gaur egungo jendartean eta Nafarroako Hondakinen Foru Legearen lehen atalean datoz, hori dela eta, ekintza honetara batzen den oro zoriondu nahi dugu hemendik. Aurten dagoeneko gehitu zaizkigun herri eta elkarteak hauek ditugu: Auzperriko Gazteak, Irati Irratia, Pixpi, Auñamendi Pilota Elkartea, Atxiki Taberna eta Erroibarko Udala bertzeak bertze. Mila esker!